Irakurketaren sustapenak udan jarraipena izan dezan, uztailean eta abuztuan haurrek egunero ipuin berri bat entzunez gozatzeko aukera izango dute. Eskarmentu handiko narratzaile taldea osatu da Lur Kortaren gidaritzapean: Saioa Aizpurua, Amaia Puin, Iraitz Lizarraga, Izaskun Mujika eta Lur Usabiaga. Halaber, programak beste ezaugarri nagusi batzuk ditu. Batetik, grabazioak egiteko Donostia hiriko ondare historiko artistikoa ezaugarri duten 44 toki esanguratsu aukeratu dira, ezagunak edo ez hain ezagunak direnak. Besteak beste, Victoria Eugenia Antzokia, San Telmo Museoa, Chillida Leku, Aquariuma, Santa Klara uhartea, Cristina Enea parkea, Igeldoko funikularra, Tabakalera eta Altzako Harria parkea. Ipuin entzuleek Donostia hobeto ezagutu eta estimatzeko lekuak aukeratu dira.
Saioak Donostia Kulturak Youtube-n duen kanaletik emitituko dira eta irailaren 10era arte egongo dira ikusgai.
Bestetik, ipuinekin batera, joko entretenigarriak proposatuko zaizkie haurrei, eta, toki batzuetan, programaren maskota izango den Eguzkitxo panpina aurkitu beharko da. Jokoen erantzunak emailez bidaliko dira donostiakoipuinarenordua@gmail.com posta helbidera.
Zozketak ere egingo dira eta astero opari berezi bat jasotzeko aukera egongo da, besteak beste, haurrentzako liburuak, San Telmo Museorako gonbidapenak edo Txu-txu trenerako txartelak. Gainera, bisitatuko diren tokien arabera, bertara joateko gonbidapenak egongo dira. Beraz, toki hauetarako sarrerak ere oparituko dira: Eureka! Zientzia museoa, Aquariuma, Euskal Itsas museoa, Chillida Leku, Igeldoko Funikularra eta Jolas Parkerako famili bonoa edo Santa Klara uharterako txalupa.