Ja! Bilbao Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiaren bederatzigarren edizioak Álex de la Iglesia sarituko du (Bilbo, 1965). Jaialdia irailaren 27tik urriaren 7ra ospatuko da Bizkaiko hiriburuko hainbat eszenatokitan. Sari horrekin, zinemagile bilbotarraren karrera profesionala publikoaren aurrean goraipatu nahi da, izan ere, urte hauetan guztietan sormenezko unibertso guztiz pertsonala eta bikaina sortzea lortu du, eta, bertan, umoreak ere berebiziko garrantzia izan du.
Urriaren 6an BBK Aretoan saritua izango den De la Iglesia zinemagilea komikien marrazkigile moduan eman zen ezagutzera, laurogeigarren hamarkadaren erdialdera. Harrezkero, haren lana satirari eta umore beltz, garratz eta basati samarrari lotuta egon da, eta hark berak umorea “askatasunaren berme” moduan ulertzen du. “Umoreari mugak jartzen badizkiozu, aldi berean pentsamenduari ere jartzen dizkiozu” adierazi du.
Álex de la Iglesia zuzendari, ekoizle eta gidoilaria Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako lehendakaria izan zen 2009tik 2011ra, eta haren filmografian, besteak beste, honakoak topa ditzakegu: ‘Acción mutante’ (haren lehenengo obra, 1993an estreinatua), ‘El día de la Bestia’ (1995), ‘PerditaDurango’ (1997), ‘La comunidad’ (2000), ‘Balada triste de trompeta’ (2010) eta ‘Las brujas de Zugarramurdi’ (2013). Haren azkeneko lana, ‘Perfectos desconocidos’ (2017) izenekoa, ‘Perfetti sconosciuti’ (Paolo Genovese, 2016) italiarraren egokitzapena da.
20.000 euroko BBK Ja! Bilbao sariak omenaldia egiten dio urtero bere obran umorea elementu nagusitzat hartzen duen nazioarteko pertsona famatu bati. Aurretiaz saria jaso dutenen artean daude Tom Sharpe, Francisco Ibáñez, Ismail Kadaré, Robert Crumb, Julian Barnes, Fernando Trueba, John Cleese eta Joyce Carol Oates.
Bestalde, Ja! Bilbaoren bederatzigarren edizioko kartelaren irudiak Álex de la Iglesiaren bigarren film luzea iradokitzen digu: ‘El día de la Bestia’. 1995ean, 14 Goya sarietara izendatua izan zen, eta, azkenean, sei Goya irabazi zituen, zuzendari onenari saria barne. Horri esker, haren karrera profesionalari behinbetiko bultzada ematea lortu zuen.