Loraldia 2014an jaio zen Bilbon eta, beraz, 2024an 10 urte beteko ditu. Loraldia Festibala izan zen lehen ekimena 2015eko udaberrian eta datorren martxoan 10. edizioa burutuko da.
Hamarkada honetan Loraldia hazi da, lan-lerro ezberdinak jorratu ditu eta bilakaera nabarmena izan du. Egun, 7 lan-lerro edo arlo ezberdinetan burutzen du bere lana, lau kidek osatzen dute taldea eta urte osoan zehar Euskal Herri osora zuzentzen diren hamaika egitasmo ditu martxan.
Duela 10 urteko inspirazio iturria, Anton Abbadiak XIX. mendean sustatutako Lore Jokoak, bizirik dirau eta indartsuago. Helburutan ere tinko, gaur egungo euskal kulturaren transmisioan eragitea eta euskarazko kultur industria indartzea eta sustatzea.
Hamar Loraldia Fesľa. Bil gaitezen, ameslariok! 10 urľeko ibilbidea gogoratuz
Hamar urte hauetan Loraldiak euskaraz sortzen den kulturari eta gizarteari egin dion ekarpena birpasatzea Loraldiaren komunitatearekin batera eta jai giroan izan da festaren helburua. Hau abiapuntutzat hartuta eta aurrera begira, datozen egitasmoen berri emateko aukera izan dela baita ere.
Euskaraz sortzen den gaur egungo kultur eskaintza ospatzea eta horretan lan egitearen gogoa berrestea izan da helburua eta horregatik festarako hautatutako lema, Bil gaitezen, ameslariok!. Euskal kulturaren sortzaile, eragile, sustatzaile, profesional eta kontsumitzaileak biltzea nahi izan du Loraldiak.
Eta, horrela izanda, festan gonbidatuak izan dira hamar urte hauetan zehar parte hartu izan duten sortzaileak, laguntza eta babesa eskaini duten babesleak eta erakundeak, hedabideak eta Lorazainak, Loraldiaren zale eta jarraitzaileen komunitatea.
Festan zehar hamar urte hauetako ibilbidea gogoratu duen bideo bat proiektatu da, Loraldiaren egungo egitasmoen berri eman da, Loraldiak hemendik aurrera izango duen iruditegi berria aurkeztu da eta Loraldia festibalaren 10. edizioko programazioaren zertzelada nagusiak eskaini dira.
Tartean, kultur ekintza ezberdinez gozatzeko aukera izan dugu, beren beregi festa honetarako prestatutako zenbait ekintzez: Miren Amuriza eta Oihana Bartrak eskainitako bertso saio musikatua, Josune Mendizabal eta Ane Gebararen umore emanaldia, Malentxo Zeberio kantuan, euskal sagardo dastaketa Mikel Garaizabalen gidaritzapean eta Harrobia Dantza Bertikalaren erakusketa. Gainera, bi ekintza berezi izan ditugu: Loraldia Sormen Digitala bekaren lehenengo edizioko irabazlearen avatar digitalak parte hartu izan du Ainhoa Artetxe aurkezlearekin batera; eta, bestetik, festan musikak eta ikusentzunezkoek garrantzi handia izan dute: Alphax BideoJockeyk pieza berezi batzuk prestatu ditu emanaldi honetarako eta Borja Mimoloco DJk euskal musikaren zenbait erreferenteen lanak hautatu eta festarako osagai elektronikoekin uztartu eta musika zerrenda berezia osatu du, emanaldi batean aurkeztu duela.
2024ko Loraldia Fesľibalaren 10. edizioa
Hamar Loraldia Festa Loraldia Festibalaren 10. edizioaren zertzelada nagusiak aurkezteko aitzakia izan da baita ere. 2024ko martxoaren 1etik 23ra burutuko da eta ohikoa den bezala, Bilboko dozenatik gora espazio eta gune ezberdinetara helduko da.
Sortzaileen artean, besteak beste izango dira: Miren Narbaiza, Lorea Agirre, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Jon Maia, Irantzu Lekue. Leire Bilbao, Nerea Arrien, Toti Martinez de Lezea, Gorka Hermosa, Garikoitz Mendizabal, Jon Sarasua, Basabi, Alaia Martin, Katixa Agirre, Oihana Iguaran, Neomak, Harrobia Dantza Bertikala, eta horrela 110tik gora.
Programazio artistikoa 25 jarduera baino gehiagok osatuko dute. Musika, teatroa, dantza, zinema, bertsolaritza, ibilbideak, artea… diziplina anitzetako ekintzak burutuko dira Loraldia Festibalean.
Aurten, nobedade gisa, loraldiafestibala.eus festibalaren webgune propioa sortu da, festibaleko ekintzak eskuragarriago eskaintzeko.
Sarreren salmenta lorazainentzat
Hamar Loraldia Festa aukeratu da, bestetik, Loraldia Festibalaren 10. edizioko Lorazainei zuzendutako sarreren salmentari hasiera emateko. Lorazainek, Loraldiako zale eta jarraitzaile komunitatea osatzen dutenek, lehentasuna eta baldintza bereziak dituzte sarreren erosketarako: prezio bereziak, eskaintzak eta Lorazain Eguna.
Loraldiaren markagintza berria
Hamar urteak mugarri bat dira Loraldirako eta horregatik markagintza berria landu da eta Loraldiaren iruditegiaren unibertso berri bat sortu da, festan zehar aurkeztu izan dena.
Iruditegi berri honek agertzen du Loraldiaren aniztasuna, bai lan-arlo eta ildotan, egitasmo motatan eta publikotan. Egun, zazpi dira Loraldiak lantzen dituen alorrak: Festibala, Produkzioak, Eskola, Gaztea, Plazarik plaza, Digitala eta Lorazainak.
Loraldiaren marka nagusiaren aterki pean, zazpi hauek identitate eta marka propio bat daukate eta horien baitan beste hamaika egitasmo biltzen dira, besteak beste, Sormenola, Udako Ola, Bidea Bidean Bide…
Iruditegiaren unibertso berri honetan Loraldia markaren identifikagarria den A etzanda mantendu da, diseinua garbitu eta sinplifikatu egin da eta tipografiak aldatu egin dira, hauek diseinuetan jokoak egiteko elementu identifikagarriak bilakatuz. Aldi berean, koloreekin ere jolastuko da, lan-lerro bakoitzak kolore sorta propioa izango du. Helburua, freskotasuna, modernotasuna transmititzea eta moldagarriak izatea guztiz.
Loraldia ekimenaren bilakaera
Loraldia 2014. urtean sortu zen, euren artean osagarriak izango ziren gaitasunekin hornitutako 6 pertsonen eskutik, Bilbon, udaberrian zehar, kultura diziplina guztiak barne hartu ahal izateko, gaurko euskal kulturaren adierazle zen festibala bat garatzeko.
Proiektuaren inspirazio iturria, eredu eguneratu eta garaikide batekin (XXI. mendea) egokitutako eta Anton Abbadiak 1879an sustatutako Lore Jokoen ekitalditik dator eta
2015. urtean gauzatu zen, Bilbon udaberrian ospatutako Festibalaren formatuari jarraiki.
Festibalaren lehenengo edizioaren arrakasta eta honek euskal kulturaren sektorean sustatzen dituen itxaropenak kontuan hartuta, talde sustatzaileak proiektu handizaleago bat planteatzea erabaki zuen, irabazi-asmorik gabeko Loraldia Kultur Elkartea sortuz.
2016. urteko udaberrian ospatutako jaialdiaren bigarren edizioak kontzeptu estrategiko berri baterako bidea eman zuen; jarduera ardatz eta la-lerro berriak ezarri ziren: Eskola eta Produkzioak.
2017an Lorazaina programa sortu zen, proiektuari dagokion “gure lagunak”, jarraitzaileen komunitatea sortuz.
2018tik Lehentasunezko Jarduera bezala aitortua izan zen Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik.
2020an, pandemiarekin bat, Loraldia Esperientzia Digitala egitasmoa hasi zen. Urte horretan festibala bertan behera utzi behar izan zen eta udazkenean berreskuratu zen Loraldia Udagoiena edizio berezian.
2021ean bi lan-lerro berri sortu ziren, nahiz eta hasieratik landu, izen propio eta baliabideak izateko: Loraldia Plazarik Plaza! eta Loraldia Gaztea.
2022an Kultur Sormen Industrian sartzeko apustua egin eta egiturari beste maila bat eman zitzaion, lan elkartuko Loraldia Koop. Elk. Txikia sortuz. Egun, Loraldia ekimena lau kidek zuzentzen dute.