Arrazoi ugari daude 'Zazpi aldiz elur' ikusteko, Tanttaka konpainiak Mikel Laboaren oroimenez sortu duen ikuskizuna. Batetik, euskal kulturaren sortzaile ahaztezinarenganako miresmena. Bestetik, ikuskizuna sortu duten artistek egindako ekarpenak: Iñaki Salvador pianistaren musika, Bernardo Atxaga idazlearen testua, Mireia Gabilondo eta Kike Díaz de Radareren zuzendaritza, Zumetaren irudiak eta Maria Berasarte abeslari donostiarraren ahotsa, etenaldia egin duena fado-abeslari ibilbidean ekoizpen honetan parte hartzeko.
"Poesia, antzerki-eszenaratzea, musika, errespetua, emozioa eta umorea erabiliz, Mikel Laboaren unibertsoan artistikoan barrena abiatu gara ikuskizun honetan", azaldu du Iñaki Salvador pianistak, makina bat kontzertu eta grabaziotan Laboaren laguntzaile hurkoa izan zen musikariak. Maria Berasarteren ahotsaren kalitatea eta epeltasunak beste dimentsio batera daramatzate kantuak, gipuzkoar kantautorearen kantuen 'remake' hutsean erortzeko tentazioa errotik uxatuz aldi berean. Artistaren herabetasunari eta hark txoriekin zituen uneen inguruko berbaldiei buruzko aipamenez josita dago musikak, arteak eta poesiak sortzen duten elkarrizketa.
Batzuek eta besteek miraria obratu dute: Mikel Laboaren kantuek hegan egin dezatela berriz ere.