Testua: Jonan Hernández |
Noizean behin perla txikiren bat aurkitzen dugu eszenatokietan. Bereziki originalak eta ederrak direlako harritzen duten ikuskizun horiek.
Horixe gertatzen da ‘Plecs’-ekin, antzerkiaren eta zirkuaren arteko erdibidean dagoen muntaia; poesia eszeniko eta zuzeneko musikaz (hau ere beren-beregi sortua) beterik datorren ikuskizuna. “Guztia espresuki sortua izan da. Ez dago aurrez existitzen zen ezer”, nabarmendu du obraren zuzendari Manolo Alcantarak, besteak beste Els Comediants konpainiarekin lan egin duen aktorea.
‘Plecs’ (‘pleguak’ katalanez) musikari, akrobata, ekilibrista eta aktore talde baten elkarlanaren emaitza da. Hortik sortu zen, adibidez, ‘kablepsidea’, aktore-akrobatek gainetik ibiltzeko erabiltzen duten tramankulua eta “kablearen eta elipsearen nahasketa” dena.
Eszenografiak beste osagai bat du: papera; aktoreek paperez egindako txirikordak erabiltzen dituzte akrobazietarako euskarritzat. “Paperaren ahuleziarekin jolasten dugu. Atzamarrez apur dezakezu baina behar bezala lotuta pertsona bat haren gainetik ibiltzeko besteko indarra izan dezake”, azaldu du Alcantarak. “Bizitza bezalakoa da; pertsona bat oso ahula eta oso indartsua izan daiteke aldi berean”.