Hainbat herrialdetako hamaika konpainia aurkeztuko ditu Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdiak. Hiru egunez, herria umorearen, magiaren eta akrobazien hiriburu bilakatuko da, urtero bertan egiten den zikloari esker. Kultura eszenikoak plazak hartuko ditu, plan aparta eskainiz haur zein nagusiei.
Arrigorriagako Udalaren Kultura Sailak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin antolatutako zikloa maiatzean zen egitekoa, baina behin behinekoz bertan behera utzi behar izan zuten osasun larrialdia zela eta. Azkenik, iraileko hirugarren asteburua aukeratu zuten jaialdiaren 25. urteurrena ospatzeko. Urte hauetan guztietan, clowna eta kaleko arteak sustatzen lagundu du Arrigorriaga Clownek.