Galdera. Zelan sentitzen zarete zilar-ezteiak beteta?
Erantzuna. Oso ondo. Zoragarria da edozein talderentzat hogeita bost urte betetzea, giro onean eta entzuten diguten entzuleekin. Oso konplikatua da hori edozein musika-motatan, baina bereziki folkean. Pozarren gaude. Aurtengo kontzertuetan ‘Solsticio' aurkezten ari gara, baina bi ordu eta erdian zehar atzera begiratu eta gure ibilbide osoa ekartzen dugu gogora. Emanaldien amaiera oso indartsua izaten da, gurekin abesteko aukera ematen diegu-eta entzuleei; baina lirikarako tartea ere izaten da, entzuteko eta sentitzeko. Herri zelten eta galegoaren sentimendua da, alde triste triste samar eta malenkoniatsu hori.
G. Ez da zure taldeak ilargiari aipamena egiten dion lehen aldia izan. Nondik dator ilargiarekin duzuen lotura?
E. Funtsezko arrazoi bat dago: Galizian oso hurbil bizi dugu lurra. Ilargia aintzat hartu izan da betidanik ereiteko, lurra lantzeko; bizi eta zaindu behar dugun naturaren zati bat da. Beraz, erreferentzia horiek gure bizitzaren eta gure musikaren zati bat dira.
G. Lan honetan Luar na Lubrek Erdi Aroko tradizioa eta soinu elektronikoak nahastu ditu. Zer moduz moldatzen dira bi mundu horiek?
E. Ondo moldatzen dira, kontzeptuak ulertu eta gauzak behar bezala uztartu besterik ez dugu egin eta. Puntu horretan oso zorrotzak gara; gu ez gara musika tradizionaleko edo Erdi Aroko musikako talde purista horietakoa, baina badakigu zelan uztartu –ez zait gustatzen ‘fusio’ hitza, arraro samarra delako- melodia eta kontzeptu jakin batzuk modernoagoak diren elementu musikal batzuekin. Ez dugu ahaztu behar folka, musika tradizionaletik datorren arren, estilo moderno samarra dela eta 60ko hamarkadan sortu zela. Folkak bilakaera izan du eta nire ustez musikak uztartzeko gakoa kontzeptuak ulertzea da, gustu ona izatea eta gauzak bere lekuan jartzea. Osagai elektronikoak nabari daitezen saiatzen gara baina benetan interesatzen zaigunaren talkarik egin barik, hau da, tradizio batean inspiratuta dagoela nabaritzea. Badakigu zelan egiten den hori beteranoak garelako, besterik ez.
G. Eta zergatik jo duzue Erdi Arora inspirazio bila?
E. Funtsean, Erdi Aroko galiziar-portugaldar lirika izugarri aberatsa delako, munduko aberatsenetakoa. Galizian bertan oso gutxi jorratu da lirika hori, baina asko, aldiz, Alemanian, Frantzian eta Italian. Aprobetxatu behar dugun sekulako aberastasun iturria da hori.