Mespretxuzko hitzak, hitz iraingarriak, hitz zaurigarriak. Hika konpainiak ezkutuko tratu txar horiei erreparatu die 'Hitzak' ('Palabras', gaztelaniazko bertsioan) sortzeko, mina eragin arren egunkarietako izenburuetara iristen ez diren hitzei buruzko istorio gordin eta poetikoa. Agurtzane Intxaurraga zuzendariak sortu du gozotasunetik saminera hitzen bidez igarotzen diren hiru emakumeri eta gizon bati buruzko argumentua.
Benetako gertaera bat izan zen gidoiaren pizgarria, idazlea gizon batek emakume bati hitzez egindako eraso baten lekuko izan baitzen. "Emakumeak ez zion aurre egin, isilik geratu zen, paralizatuta bezala", gogoratzen du. Horrela sortu zen gai honetaz hitz egiteko asmoa. "Era honetako mina ez da botikekin sendatzen", dio autoreak.
Barne paisaiak eratzen espezialista dela erakutsi du Intxaurragak aurreko lanetan. Orain antzerkiaren bidez giza izaeran arakatzeko eskaintzen digu beste behin.