Femi Kuti buruz hitz egitea Afrika eta bertako musikaz hitz egitea da. Kontinentearen antzinako sustraiez, haren aita Fela Kutik jaso zituenak gaur egun afrobeat izenarekin ezagutzen duguna sortzeko. Baita oraingo eta etorkizuneko Afrikaz, munduari zabalik dagoena eta mundua etengabe harritzen duena bere erritmoen indarraz, eragin berriei bidea zabaltzerakoan dudarik egiten ez duen kontinentea. Baina baita makurtuta jarraitu nahi ez duen Afrika iraultzaileaz ere; hari abesten dio disko guztietan musikari nigeriarrak.
"Nire sentimenduak definitzen du nire musika eta kontu horiek maitasun istorioak baino garrantzitsuagoak dira une hauetan", dio 1962n Londresen jaio baino Nigerian, gurasoen herrian, hazi zen musikariak. Izan ere, Femi Kutikren abestiek gogor kritikatzen dute Afrikako gobernuen ustelkeria (tartean Nigeriakoa) eta mendebaldeak haien gainean duen boterea.
Kezka horren adierazle da ‘Africa for Africa’, Kutiren diskorik berriena. Lanaren izenburuak argi erakusten du egilearen ikuspuntua. "Soilik esan nahi du afrikarrak motibatuta egon daitezkeela Afrika zaindu eta maitatzeko, Mendebaldeak batak bestea zelan zaindu irakatsi zain egon beharrean; gure herrialdeak egitura kolonialak direla ere ulertu behar dute. Hori esanda, ezin gara arrazistak izan eta giza-terminotan komunikatu behar dugu elkarrekin. Elkarren beharra dugu guztiok".
Musikak bere kontinentearen patua alda dezakeela sinesten du Femi Kutik? "Bai, izan ere, musikak paper garrantzitsua bete du aldaketa positiboa sustatzeko eta kontzientzia sortzeko", azaldu du, "musikak gauza harrigarriak egiteko boterea du".
Esparru musikalean, Femi Kuti eta bere taldea, The Positive Force, eszenatokia betetzen duen energia-eztanda da; urteetan zehar bereganatutako eraginek lekua dute koktel horretan. "Izugarri gozatu dut beste estilo batzuetako musikariekin jotzen eta asko ikasi dut haiengandik", nabarmendu du. "Eragin berriek koloreak gehitzen dizkiete nire sortze-paletari".