Generoa eta jatorria. Elkano Browning Cream aurkeztea helburu duen artikulu on batek bi datu horiek kontuan hartuko beharko lituzke ezinbestean. Baina talde honek etiketa eta nazionalitate jakin baten mugak gainditzen ditu.
Franck Mantegary bateria-jotzaile paristarrak (Alpha Blondy, Massive Attack…), Mikel Azpiroz teklista euskaldunak (Fermin Muguruza, Australian Super Band) eta Matt Harding gitarrista estatubatuarrak erritmo dantzagarri eta hipnotikoak iparrorratz dituen proiektu musikala sortu dute.
“Bidaia eklektikoa izan daiteke, baina aldi berean oso erraz iristeko modukoa. Jendea oso erraz igotzen da gure bidaia musikalera”, dio Azpirozek. Bira horren osagaien artean daude blues, bossa, jazz eta reggae-a.
Taldea ‘Elkano Browning Cream 2’ izeneko lan berria aurkezten dabil, taldearen filosofia erakusten duen izen sinplea. Azpirozen berbetan, “badu helburu bat: entzuleei mugarik ez jartzea”.“Badakigu norantz jo nahi dugun, baina irekita gaude. Hori da gure ikuspegia: abenturazalea eta nomada”.